EHNE-Bizkaia eta ELB urriaren 27an Bilbon burutuko den manifestazioari atxikimendua adierazten
ELB eta EHNE-Bizkaiak atxikimendua adierazi nahi diote Etxaldek eta Elikadura Burujabetzaren Aldeko Aliantza Euskal Herrian mugimenduek “Elikadura, herritarron eskubidea” lelopean, Bilbon urriaren 27an, deitu duten manifestazioari. ELB eta EHNE-Bizkaiaren iritziz garrantzitsua da mobilizazio honetan parte hartzea eta horretarako deia egiten diete baserritar zein herritar guztiei. Lehen aldia da lehen sektorea, eragile sozialak eta gizartea oro-har, elikaduraren inguruko gai baten inguruan elkarrekin mobilizatzen direna.
Elikadura herritarron eskubidea

Lehen sektorearen funtzioa eta gizartearekin duen lotura azpimarratu gura du mobilizazio honek: “Elikadura, herritarron eskubidea”. Munduko edozein pertsonak elikadura osasuntsua izateko eskubidea du eta baita elikagaiak ekoiztetik duintasunez bizitzeko eskubidea.
Gizarte osoaren inplikazioarekin, gaur egungo egoera iraultzeko bidean pausu bat izango da urriaren 27ko manifestazioa. Azken urteetan europako Nekazaritza Politika Bateratuak nekazaritzaren desregulazioa ekarri du, merkatua arautzeko tresnak murriztu dira, ekoizpen kuotekin amaitu. Nekazaritzaren industrializazioa bultzatu da, baserritarrak desagerrarazi eta gosea zabaltzen duen sistemaren aldeko apustua egin da NPBrekin.
Egungo sistemak ez du elikatzen, elikagaiekin espekulatu baizik. Egoerak txarrera egingo duela adierazi berri du Nazio Batuen Erakundeak, elikadura krisia iragarri du 2013rako. Beste hainbat iragarpenek dio datozen urteetan artoa eta garia bezalako lehengaien prezioa bikoiztu egingo dela.
Elikadura ez delako espekulatzeko merkantzia bat, elikadura eskubidea delako, elikadura burujabetza aldarrikatuko da manifestazioan. Ekoizpen eta kontsumo lokala bultzatuz, elikadura mundu mailako merkatu espekulatzailetik atereaz, munduko hegoaldeko herrialdeetan goserik sortuko ez duen sistema aldarrikatuko da Bilbon urriaren 27an.

Zentzu horretan, bai EHNE-Bizkaiak eta baita ELBk ere bat egiten dute Etxalderen bi proposamenekin. Bata elikagaien banku publikoa sortzea da; bestea bost urteko epean jantoki publikoetan erabilitako elikagaien %40 lokalak izatea. Bi neurriok elikadura eskubidea eta elikadura burujabetzaren aldeko pausuak ematea suposatuko luke, lanpostuak sortzearekin batera.
Horrekin batera, Idoki, Esnetik, Nekasarea, Erralde, Euskal Herriko Laborantza Ganbara edo Zerain eta Aramaio herrietako esperientziak egin bezala, besteak beste, elikadura burujabetzaren aldeko proiektuak lantzen eta bultzatzen jarraitzeko apustuan sakondu behar da.
www.etxalde-eh.org
| < Prev | Próximo > |
|---|














